XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argazki Museo bat eraiki asmoz lanean ari da talde bat

Proiektua izan daitekeenaren eskema azalduko da Sanz Enean

Izaskun ETXABE

Sanz Enea Kultur Etxeko erakusgelek argazki museo bat izan daitekeenaren eskema erakutsiko dute asteartetik aurrera.

Aurkezpena 1816an sortutako arte mota honen haserak eta garapena bilduko dituen lau atal ezberdinetan banatua izango den erakusketaren bitartez egingo da.

Lehenengoan, argazkigintzari dagozkion haserak eta garai hartan gai honi aportazio nabariak egindako pertsonaien argazkiak eta ordungo makina eta instrumentuak izango dira ikusgai.

Bigarrengoan, mende honen haserako familiarteko oroigarri izango ziren ezkontza, bataio eta abarretako argazkiak izango dira argazkigintzak egunerokotasunean hartutako garrantzia adieraziz.

Hirugarren atalean. berriz, prentsa grafiko, liburu nahiz postalak argitaratzerakoan pasarte historiko eta kulturalak azaltzeko garaian, argazkiak izan duen garrantzia azpimarratuko da.

Laugarrengoan, azkenik, arteari lotutako argazkiaren estilo ezberdinak jorratzen dituzten pertsonen lanak izango ditugu ikusgai.

Ortiz de Echegûe, Marqués de Santamaría de Villar, Lekuona, Shoummer, Ouka Lele...

Erakusketak

Bestalde, aurrekoarekin lotura izango duen beste zenbait erakusketa zabalduko da hil honen 19tik 26a bitarte.

Hauetan aipagarriena nazismotik ihesi eta ondorenean Espainiako Gerratean errepublikarrekin bat egindako Walter Reuter dugu eta honen argazkiak Joan Fontcuberta, Raoul Ubac eta Gabriel Cualladórenekin batera Antoniano polikiroldegian izango dira aipatu egunetan zehar.

Kaiua galerian berriz, Cristina Zelich-en argazkiak ikusi ahal izango dira.

Bidea galerian Pere Formiguerarenak, Zazpi galerian Humberto Rivas-enak eta Torre Luzean Kutxaren argazkiaren artxiboa izango da prestatuko dena.

Ideiaren inguruan lanean

Egun hauetan herri leku ezberdinak argazkiak jostearen arrazoia argazki museo bat irekitzea litzateke eta ideia hau gauzatu dadin lanean dabilen taldearen esanetan ekitaldi ezberdinen laguntzaz osatuko litzateke proiektu hau izen handiko artisten eskeiniko zituzten argazki ikastaro espezializatuak ipiniz adibide bezala.